Bezeroaren arreta: 943 426 767

Cast. | Eusk.

Ahoko eta Aurpegi-masailetako Kirurgia.


Ahoko eta aurpegi-masailetako kirurgia aho-barrunbeko, buruko, aurpegiko eta lepoko gaitz ugariren azterketaz eta tratamenduaz arduratzen den espezialitate mediko kirurgikoa da.

Ahoko eta aurpegi-masailetako zirujaua da espezialitateko ebakuntza kirurgikoak egiteko prestakuntza teorikoa eta araututako praktika duen aditua.

EBAKUNTZA MOTAK:

   Kirurgia ortognatikoa

Kirurgia ortognatikoa edo aurpegiko deformazioak zuzentzeko kirurgia masailezurrei eragiten dieten anomalia hortz eskeletikoak kirurgikoki zuzentzeko xedearekin egiten dira. Aurpegiko hezur batek edo batzuk hazkunde anomaloa dutenean, aurpegiko itxuraren eta hortzen buxadura edo ahokatze arazoa sortzen da.

   Atal bigunetako tumoreen biopsiak eta erauzketak.

Aho-barrunbea estaltzen duten atal bigunak askotariko prozesuen kokaleku izan daitezke. Kasu gehienetan, anestesia lokalarekin biopsia egin eta/edo erauz daitezkeen gaitz onberak dira eta azterketa mikroskopikoa egitera bidaltzen dira, diagnostiko zehatza egiteko. Patologo adituak egindako azterketa histologikoa ezinbestekoa da geroagoko ekintzak eska ditzakeen lesio larriagoaren presentzia baztertzeko.

   Judizioko haginen kirurgia.

Hirugarren haginak, judizioko haginak izenarekin ere ezagunak, arazo ugariren iturri izan daitezke. Ateratzeko toki falta, ateratzeko orientazio anomaloa eta ohiko hanturak/infekzioak dira judizioko haginen prebentziozko edo sendatzeko erauzketa aholkatzen duten ohiko arrazoiak.

Pazienteek maiz galdetzen diote beren buruari ea judizioko hagina kendu behar ote duten. Noiz komeni da egitea? Azterketa klinikoak eta erradiologikoak erauzketak egiteko beharra dagoen ala ez eta ekintza kirurgikorako unerik onena zein den zehazten lagunduko dute. Oro har, zauria sendatzea baino hobe izaten da zauririk ez egitea; hori dela eta, ahoan dauden judizioko hagin guztiak prebentzioz kentzea aholkatu ohi da askotan. Ospitaleratu gabe, oro har, anestesia lokalarekin eta  zain barneko sedazioarekin egiten den ebakuntza da.

   Masailezurretako kisteak.

Masailezurretako kiste delakoak nahiko ohikoak dira. Oro har, masailezurren barruko barrunbe anomaloaren presentziagatik bereizten direla esan dezakegu. Hainbat arrazoi egon daitezke kistearen jatorrian. Arrazoi ohikoenen artean egoera txarreko hortzen infekzio kronikoak eta atera gabe edo hezurraren lodieran atxikita geratutako hortzak aipa genitzake. Hala eta guztiz ere, badira enbrioi-garapenaren asaldurek, jatorri baskularreko malformazioek edo jatorri traumatikokoek eragindako beste kiste batzuk ere. Historia kliniko ona eta dagozkion azterketa erradiologikoak (erradiografia panoramikoa, hortzetako Icat eskanerra eta abar) ezinbestekoak dira susmo-diagnosia egiteko eta arazoa konponduko duen ebakuntza planifikatzeko.  Ebakuntzaren ostean, beharrezkoa da erauzitako kiste-materialaren azterketa mikroskopikoa egitea. Bilakaera-kontrolak ezinbestekoak dira epe ertain eta luzera ez berreritzea bermatzeko.

   Apizektomia.

Horrela deitzen zaio laburki hortz bat edo gehiagoren sustraiaren puntako infekzioa kirurgikoki tratatzeko egiten den prozedurari. Hortzak bizitasuna galtzen duenean, endodontzia egitea beharrezkoa da, ehun nekrotikoa kendu eta hodi erradikularrak zigilatzeko. Askotan nahikoa izaten da prozedura hori prozesu infekziosoa sendatzeko, baina infekzioa hortz puntan ezartzen denean beharrezkoa izan daiteke honako hauek biltzen dituen prozedura kirurgikora jotzea: pikortatze-ehuna kentzea, punta erradikularra erauztea eta hodi erradikularra zigilatzea. Prozedura horri kistektomia, apizektomia eta atzeranzko buxadura esaten zaio.

   Mihi-harien kirurgia.

Oro har, mihi-hariak ezpainetan edo mihian ager daitezkeen atxikidura fibromuskularrak dira. Arazo onbera den arren, ahoskuntzan arazoak, hortzetako diastemak, arazo periodontalak eta abar eragin ditzake. Anestesia lokalarekin ebakuntza kirurgiko txikia eginda konpontzen da.

   Atxikitako hortzen fenestrazioa.

Leku faltaren eta/edo hortz-piezak ateratzeko sekuentzian izandako asalduren ondorioz, baliteke hortz bat edo gehiago masailezurrean atxikita geratzea, naturalki ateratzeko aukerarik gabe. Goiko masailezurreko letaginak edo betortzak dira hezurrean atxikita gehien geratu ohi diren piezak. Askotan hortz-lerroan atxikitako hortzak beren lekuan kokatzeko ahalegina egiten da. Horretarako beharrezkoa da ortodontziako eta kirurgiako adituen lankidetza. Hasteko, ortodontistak hortz-lerroan galdutako tokia berreskuratuko du; ondoren, zirujauak kirurgikoki helduko dio piezari, bracket-a itsatsiko du koroara eta bidea edo leihoa zabalduko du; azkenik, ortodontistak hortza trakzionatuko du modu kontrolatuan, hortz-lerroko posizio normalera eraman arte. Nerabe eta gazteengan emaitza onak dituen prozesua da; helduengan, berriz, prozesu luze eta neketsuagoa da.

Pl. Centenario 1, 20006 DONOSTIA - SAN SEBASTIAN (Gipuzkoa) - recepcion@klinikamaxilaris.com - T. 943 426 767 - N°RPS 58/17

©2019 Klinika Maxilaris | Diseinu eta web programazioa by 375estudio